XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iribar: Euskadiko Selekzioa aurrera ateratzeko guztion borondatea beharrezkoa da.

Ondoren Euskal Federazioa sortu ahal izateko.

Datorren asteazkenean Euskadiko Selekzioak Errumaniaren aurka jokatuko du.

Denbora luzea joan da Euskadik Tottenhami San Mamesen irabazi zionetik.

Oraindik ofiziosoa den Selekzioa guztion artean bihurtu behar dugu ofiziala eta horretarako borondatea behar da, Joxe Angel Iribarren ustetan.

Jokalarien, Federazioen eta zalegoen borondatea Selekzioa sendotu, indartu eta ofiziala bihurtzeko.

Datorren asteazkenean, futbolzale zein euskaltzale guztiek zita daukate San Mamesen futbol partidu bat baino gehiago izango den norgehiagokan. J. L. A. Bilbo.

Euskadiko Selekzioaz hitzegiterakoan ezin da ahantzi Joxe Angel Iribarren izena.

Berak, Euskadiko Selekzioan bertan, Athleticen eta baita Estatuko Selekzioan ere gauzak beti argi izan ditu, eta gaur egun, bera da Euskadiko Selekzioak ofizialitatea lortzea gehien poztuko lukeena.

Maila ona daukagu.

Hau momentu ona da Euskadiko Selekzioaren partiduak antolatzeko.

Ahal diren partidu gehienak antolatu behar dira, urtean behintzat bat baino gehiago, ezen, jokalari interesgarriak ditugu eta talde monduan ere uste dut kapaz garela maila ona erakutsi eta beste selekzio haundiarekin burrukatzeko, dio Iribarrek.

Euskadiko Selekzioaren ofizialitatearen premia luzatzen diogunean, egun, Athleticen atezainak entrenatzen diharduen Zarautztar honek zera dio: Ofiziala izan dadin lortzeko lehenik eta behin borondatea behar da, eta borondate hori denok erakutsi behar dugu, kirol mailan ahal diren partidu hoberenak eginez, joko maila onena erakutsiz eta ahal izanez gero, ez bakarrik hemen, atzerrian ere jokatzeko aukerak bilatuz baizik.

Kanpoan jokatzea eman beharreko pausua da eta hori antolatzeko borondatea behar da.

Gestora eta Euskal Federazioa behingoz sortzea.

Oraingo partidua, esaterako, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Federazioen arteko lankidetzaz antolatu da, baina Euskal Federazioa behar da denen buru izango dena eta Euskadiko Selekzioaren ardura guztia bere gain hartuko duena.

Rumania selekzioa oso ondo dabil, jarraitzen du Iribarrek, maila ona dauka eta partidu interesgarria izan daiteke asteazkenekoa.

Bestalde, San Mamesen entrenatzaile lanetan arituko den Arangurenek denbora luzea darama talde ezberdinak entrenatzen eta leku guztietan emaitza onak lortu ditu, prestigio haundia berenganatuz, azaltzen du Joxe Angelek.

Aurrerantzean, Euskadiren entrenatzaile bera izan zitekeela proposatzen diogunean, Iribarrek Selekzioa bera aurreipintzen du guztiari: Niri gehien gustatuko litzaidakeen gauza Selekzioa aurrera ateratzea izango litzateke, urtean ahal diren partidu gehienak jokatu eta ondoren Txapelketa ofizialean jokatzen hastea.

Nik neure neurrian beti bultzatuko dut baina inportanteena ez da bata edo bestea egotea, Selekzioa aurrera ateratzea baizik.

Baina Euskal Federazioa sortu eta Euskadiko Selekzioak ofizialitatea lor dezan, Espainiako Federazioak trabak ipini ditzake.

Lagundu ez dute egingo, hori garbi izan behar dugu.

Irtenbidea gure eskuetan dago piskat ere eta burrukatu egin behar dugu lortzeko.